2017/05/30

Abanto Zierbena, herritarrekin konektatuta

Abanto Zierbenako Udalak, herritarrekin zuzeneko komunikazioa lortzeko asmoz, bere komunikazio-kanalak sustatzeko beste kanpaina bat jarri du abian

-

Abanto Zierbenako Udalak, herritarrekin zuzeneko komunikazioa lortzeko asmoz, bere komunikazio-kanalak sustatzeko beste kanpaina bat jarri du abian.

“Gure herritarrek udalerriaren egunerokoan gertatzen dena zuzenean jakin dezatela nahi dugu, eta albisteen, abisuen eta egiten diren ekintzen berri izan dezatela. Horretarako, hainbat bide jarri ditugu haien esku: Whatsappa, Facebookeko orrialdea eta gure SMS bidezko zerbitzua.

Online familia hau gero eta handiagoa izatea nahi dugu; horregatik, triptikoak banatu ditugu herriko 4.350 etxeetan, herritarrek udalerriko bizitzarekin lotuta interes dakiekeen informazioa jasotzeko erabilgarri dituzten kanalen berri izan dezaten”, azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Triptikoan, izena emateko orri bat ere badago, nahi duten herritarrak Whatsapp/SMS eta posta elektroniko bidezko sistemara harpidetu daitezen.

Dokumentua bete ostean, udalerrian zehar dauden herritarrek parte hartzeko postontzietan utz dezakete. Izen-ematea errazago ere egin daiteke, telematikoki, www.abanto-zierbena.eus udal-webgunean. Horretarako, hasierako orrian agertzen den “Harpidetu zaitez zure udalerriko albisteetara” bannerrean sartu eta bertan dagoen formulario elektronikoa bete behar da.

“Gure hiri-eragileen taldea kanpaina bat egiten ari da kalean, gure komunikazio-kanalak denengana irits daitezen. Hain zuzen, triptikoak banatzen ari dira auzoetako herritarren artean eta online izen-emateak egiten, Interneterako konexioa duen tablet bat erabiliz”, esan du alkateak.

Abanto Zierbenako Udalak are konexio handiagoa eduki nahi du bere herritarrekin; Whatsapp/SMS eta posta elektroniko bidezko sistemak 1.900 erabiltzaile ditu gaur-gaurkoz, hots, Abanto Zierbenako biztanleen % 19. Facebooken, udalerriak 939 jarraitzaile ditu, eta Twitterren 242. Horrez gain, Meatzaldeko udal honek beste zenbait bide ditu herritarrak informatuta edukitzeko, hala nola udal-aldizkaria, webgunea eta Gallartan eta Sanfuentesen jarritako bi pantailak.

“Oso erraza da zerbitzu hauetara harpidetzea; formulario bat bete besterik ez da egin behar. Udalaren SMS eta posta elektroniko bidezko sistemak sei urte daramatza martxan, eta pixka bat beranduxeago jarri genituen abian Twitter eta Facebookeko kontuak. Duela hiru urte hasi ginen Whatsapp bidezko sistemarekin, eta 1.547 erabiltzaile ditu gaur egun; horren alboan, SMS bidezko sistema atzean geratu da. Informazioa ematen eta herritarrengandik gertu egoten jarraitu nahi dugu, eta hori guztia gardentasun osoz. Orain Abanto Zierbenako online familia handitu nahi dugu eta herritar guztiak animatzen ditugu Udala mugikorrean edukitzera, konfiantza osoz”, esan du amaitzeko Etxebarriak.

Atzera