2014/12/17

Abantok areagotu egin ditu herritarrekiko komunikazioa eta harremanak

Sei postontzi instalatu ditu eremu publikoetan, ideiak eta iradokizunak biltzeko. Horiek gehitu zaizkio aurretik existitzen ziren bestelako bideei: posta, sare sozialak, aldizkaria, posta elektronikoa eta Udalaren webgunea

Udal-kudeaketaren kalitatea otuta dago herritarrekiko komunikazioarekin, harremanekin eta gardentasunarekin. Hain zuzen ere, printzipio hori du oinarri Abanto Zierbenako Udalaren proiektuak: sei postontzi instalatu ditu, ideiak, kontsultak eta iradokizunak jasotzeko. Postontzi horiek atrila, boligrafoa eta inprimakiak dituzte, erosoago erabil daitezen. Zehazki, sei gune publikotan instalatu dira: Udalean (HAZ), udal-igerilekuetan, Gallartako bibliotekan, Haritzalden, Las Carrerasko bibliotekan eta Sanfuentesko Erretiratuen Egoitzan. “Herritarren partaidetza bideratzeko beste tresna bat da, aurretik ere martxan zeuden beste tresna batzuei gehitzen zaiena; horien bidez, informazioa laster eta erraz ematen zaie milaka pertsonari” azpimarratu du Maite Etxebarria alkate andreak.

Udalak honako komunikazio-bide hauek ditu, herritarrekin harremanak izateko: SMS mezuak, posta elektronikoa, whatsappa, Facebook, Twitter eta Udalaren webgunea. Halaber, Gure Herria aldizkaria dago, hiru hilean behin argitaratzen dena. Horien guztien bidez, informazioa ematen zaie herritarrei, interes orokorreko ekitaldi, zerbitzu eta albisteei buruz. Postontzi horietan iradokizunak eta hobekuntza-proposamenak egiteko orriak egongo dira, baita sms/whatsapp sistemetan alta hartzeko eskaera-orriak ere. Postontzian bertan utzi ahal izango dira, bete ondoren.

Alkatearen arabera, sei postontzi horiek gehitzeak bat egiten du “Zure iritziak hobetzen laguntzen gaitu / Tu opinión nos ayuda a mejorar” izeneko herritarren partaidetzarako proiektuarekin. Horrela, herritarren iritzi eta proiektuek osatu egiten dute Udalarekiko harremanen zirkuitua; izan ere, gainerako bideak Udalak herritarrekin harremanetan jartzeko dira. Postontziek, aitzitik, herritarrak udal-arduradunekin harremanetan jartzea ahalbidetzen dute. Jakina, proposamenak igortzen dituztenek erantzuna jasoko dute, proposamen horiek aztertu eta baloratu ondoren.

Informazio-kanpaina

Komunikazio-bide berria ezagutarazteko, Udala informazioa banatzen ari da postontzietan, informazio-afixak instalatu ditu eta mezuak igorriko ditu bitarteko digitaletan. “Interes publikoko hobekuntzaren bat iradoki nahi duten abantoarrek badakite Udala entzuteko prest dutela: esateko dituztenak entzungo ditu eta ahal duen neurrian erantzungo die” azaldu du Maite Etxebarriak.

Azken hilotan, Abanto Zierbena ahalegin handia egiten ari da, partaidetza eta gardentasuna sustatzeko. Herritarren Arreta Zerbitzua (HAZ) abiarazi du: joan den urrian sortu zen eta udaletxearen behealdean dago, herritarrek oso harrera ona egin diote. Zehazki, egunean 40-60 pertsona artean artatzen dira, telefonoz eta Interneten bidez artatutakoak zenbatu gabe. “Jendearen erosotasuna eta zerbitzuaren efikazia eta lastertasuna dira HAZen gakoak.”

buzón_peque3
Atzera