2015/03/16

Abantok herritarrei eman die hitza, erdiguneko hiru guneren diseinua erabakitzeko

“Abanto Zierbena GUNEAK” lehiaketa sortu du, herritarrek hirigintzan parte hartzeko aukera izan dezaten

noticias_guneak_interior

Herritarrek parte hartzeko estrategiek aurrerapauso bat eman dute Abanto Zierbenan. Maite Etxebarria alkatearen esanetan, “gure udalerrian, ez diegu herritarrei gai jakin batzuetan parte hartzeko aukera bakarrik eman nahi. Herritarrei ahotsa eman nahi diegu, hirigintza-diseinuaren inguruko erabakiak hartzeko, eta lehenengo proiektua Abanto Zierbena GUNEAK lehiaketa izango da”. Programa berri hori egiten den lehen aldia da, eta asmoa da udalerriko pertsonak, erakundeak, taldeak edo enpresak bildu eta euren ideiak aurkeztea, herriaren erdiguneko hiru gune hauetan jarduketak egiteko: Gallartako Dolores Ibarruri plaza, Las Carrerasko Trinitate plaza eta San Fuentesko Frontoi plaza. “Oso inguru garrantzitsuak dira, eta, horiek dinamizatzeko, Udalak kontuan hartu nahi ditu gizarteak eginiko proposamen onenak eta pertsonen parte hartzea”.

Lehiaketaren oinarriek hainbat irizpide izango dituzte parte hartuko duten proiektuak balioesteko; besteak beste, kalitate artistikoa eta “inguruari nortasun berezia emateko gaitasun artistikoa.” Kontuan hartuko dira, era berean, proposamenen dinamismoa, bideragarritasuna, berritasuna, jasangarritasuna eta iraunkortasuna. Horretarako, parte-hartzaileek beren planaren txosten bat aurkeztu beharko dute jarduketa egingo den gune baterako edo baterako baino gehiagorako.

“Ez dugu aurkezpen bikainik espero; ideia onak nahi ditugu, behar beste xehetasunekin azalduak, kalkulatu ahal izateko, batetik, haien kalitatea eta, bestalde, proiektu bakoitzaren beharretara egokitzen den” nabarm-endu du alkate andreak. Ahalik eta jende gehienak parte har dezan, ez da beharrezkoa izango proposamenen gutxi gorabeherako kostu ekonomikoa adieraztea.

Parte-hartzeko prozesua

Abanto Zierbena GUNEAK prozesuak bi fase izango ditu. Lehenengo fasean, herritarrek aukeratuko dituzte proiektu onenak. Horretarako, erakusketa ireki bat antolatuko da hainbat udal-lokaletan, eta bertan herritarrek txartelen bidez bozkatu ahal izango dute. Halaber, Udalaren webgunearen bitartez ere bozkatu ahal izango dute. Bildutako botoek amaierako emaitzaren % 25 balioko dute, eta gainerako % 75a epaimahai espezializatu baten esku geratuko da.

Bigarren fasean, epaimahaiak hiru proposamen irabazleak hautatuko ditu, bat gune bakoitzeko. Honako hauek osatuko dute epaimahaia: Obrak eta Zerbitzuak Arloko kideek, Merkatarien Elkarteko ordezkari batek, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasle batek eta hiri-kulturan eta arkitektura-munduan prestigioa duten bi pertsona independentek. Epaimahaiko kideek gehienez ere hamar proposamen hautatuko dituzte hasieran jarduketa egingo den gune bakoitzeko; hau da, guztira 30 proiektu hautatuko dituzte.

Sariak

Proposamen finalista bakoitzak EHUN EUROKO (100,00 €) saria jasoko du opari-txarteletan, Abanto Zierbenako Merkatarien Elkarteko dendetan gastatzeko, eta gune bakoitzeko proposamen irabazleak, hots, hiru irabazleek, MILA EUROKO (1.000,00 €) saria jasoko dute.

Lehiaketa datorren ostiralean (otsailaren 20a) jarriko da martxan, eta maiatzaren 15ean itxiko da. Proiektuak aurkezteko, www.abanto-zierbena.org webgunean daude, parte hartzaileen eskura, lehiaketaren oinarriak, dokumentuak, materialak eta baldintzen eta sarien inguruko informazioa.

Alkatea oso pozik dago parte-hartzeko eredu horrekin eta hiri-diseinuaren gaian ere herritarrei ahotsa ematearekin. “Ziur nago oso ideia onak izango direla, erabat egingarriak, eta herritar ugarik parte hartuko dutela proposamenak hautatzen eta bozkatzen.”

Abanto Zierbena buru-belarri dabil “Udal irekia / Gobierno Abierto” programaren barnean herritarrek parte hartzeko programak ezartzen. Honako hauek dira programaren ardatzak: informazioa, parte-hartzea eta gardentasuna.


Atzera