2015/03/05

Eusko Jaurlaritzak berretsi egin du meatzaritzaren kultur eta ingurumen parkeari emandako babesa

Parkeak meatzaritzarekin eta inguruko biotopoaren ikerketarekin loturiko hainbat museo-jarduera bilduko ditu, eta “giltzarria” izango da eskualdeko ekonomiarako eta ondare historikorako.

firma_parque cultural

Oraingoan ere, Meatzaritzaren Museoan izan da ekitaldia, Kultur eta Ingurumen Parkea kokatuko den eraikinaren ondoan. Corta meategiko paisaia ikaragarriaren ertzean dagoen eraikin bukatugabe bat da; izenpetutako hitzarmenak dioenez, “gune estrategikoa eta paregabea da Meatzaldeko meatzaritza-kulturaren kontserbazioarekin eta zabalkundearekin zerikusia duten etorkizuneko proiektuak bateratzeko eta uztartzeko”.

Meatzaritzaren Kultur eta Ingurumen Parkea eta haren Interpretazio Zentora sortzeko akordioak dio “giltzarria” izango dela eskualdeko ekonomiarako eta ondare historikorako. Horretarako, parke berriak meatzaritzarekin eta inguruko biotopoaren ikerketarekin loturiko museo-jarduerak bildu beharko ditu.

Kultur eta Ingurumen Parkea eraikitzeko proiektuaren lehen fasean honako hauek egingo dira: auditoriuma, Peñas Negraseko instalazioetako edukien interpretazio-zentroa, hainbat jardueretarako erabilera anitzeko aretoa, sarrerako aretoa eta zerbitzu komunak. Horrez gain, burdina-mendien biotopoa ere ikertuko da.

Eusko Jaurlaritzak 900.000 euro jarri ditu

Meatzaritzaren Kultur eta Ingurumen Parkearen lehen fase horretan laguntzeko, Eusko Jaurlaritzak 900.000 euro jarri ditu; kopuru horixe bera jarriko duela hitzeman du Aldundiak. Abanto Zierbenako Udalak, bestalde, 45.000 euroko diru-saila gehituko du. Guztira, bada, 1.845.000 jarriko dira, eta aurten bertan egin ahal izango dira eraikuntza-lanak, lehiaketa publikoaren eta geroko esleipenaren izapideak egin ostean.

Eskualdeko proiektua denez, Parkea Meatzaritzaren Museoko jardueratik eta etorkizuneko interpretazio-zentrotik eratorritako sinergiez baliatzen da. Horri esker, Meatzaldeko meatzaritzaren kultura eta biotopoaren ikerketa zabaltzeko gune sendoa osatuko da, mota guztietako jendea erakartzeko modukoa. Erakunde sustatzaileen esanetan, “kulturaren, hezkuntzaren eta turismoaren erreferentzia-gune izango da, eta horretan lagunduko du Concha meategiko paisaiaren sakontasunak ere, begi-bistan edukiko baitugu Euskal Herriko Meatzaritzaren Kultur eta Ingurumen Parke berriko begiratokietatik”.

Gaur egun sakabanatuta daude garai bateko meatzaritza-jarduerak utzi digun ondare historikoaren kontserbazioarekin, zabalkundearekin eta ikerketarekin zerikusia duten zentroak, eta Kultur eta Ingurumen Parkeak konponbidea jarriko dio horri. Erakunde sustatzaileek diotenez, “proiektu hau onuragarria izango da eskualde osoarentzat, eta kultura- eta turismo-erreferentzia berri bat ekarriko dio Bizkaiari, Meatzaldeko ekonomia indartzeaz gainera”.

Atzera