2015/01/20

Ideiak eta iradokizunak biltzeko postontziak: lehen emaitzak

Orain hilabete, Udalak sei postontzi jarri zituen gune publikoetan, ideiak eta iradokizunak biltze aldera. Herritarrek oso ondo hartu dute gardentasuna eta partaidetza sustatzeko egitasmo berri hau.

Orain hilabete, Udalak sei postontzi jarri zituen gune publikoetan, ideiak eta iradokizunak biltze aldera. Horiez gain, lehendik ere bazeuden iradokizunak jasotzeko beste bide batzuk; besteak beste, posta, sare sozialak, aldizkaria, posta elektronikoa eta Udalaren webgunea.

Lau aste hauetan, 28 iradokizun eta ekarpen bildu dira. Gehienbat, jarduketak abiatzeko proposamenak egin dira; esate baterako trafiko- eta bide-seinale jakin batzuk aldatzea, arkitektura-oztopo jakin batzuk kentzea, txakurrentzako parkeak sortzea, gune jakin batzuetako argiztapena hobetzea, kale zati batzuk asfaltatzea, haur-parke batzuetan jolas gehiago jartzea, auzo batzuetan kutxazain automatikoak jartzea, kiroldegian jarduera gehiago egitea... Halaber, konpondu beharreko hiri-altzarien inguruko jakinarazpenak jaso dira

Maite Etxebarria alkate andrearen arabera, herritarrek oso ondo hartu dute gardentasuna eta partaidetza sustatzeko egitasmo berri hau. Horren erakusle da idatzi asko bildu direla eta, batik bat, proposamen guzti-guztiak konstruktiboak izan direla.

Hau, baina, prozesuaren hasiera besterik ez da. Orain, proposamen guztiak dagokien udal-sailei igorriko zaizkie, aztertu eta, hala badagokio, abian jar ditzaten. Gainera, proposamenen bat egin duten herritar guztiei jakinaraziko zaie azken emaitza; horrela, osatuta geratuko da herritarrek eta Udalak “Zure iritziak hobetzen laguntzen gaitu / Tu opinión nos ayuda a mejorar” partaidetza-proiektu honetan duten harremana.

buzón_peque3
Atzera