2015/03/24

Udaleko webgune berriaren bidez, errazagoa da herritarrek parte hartzea, eta gardentasuna sustatzen

Abanto Zabaltzen plataformarekin bat egiten du, eta Udalaren kudeaketari buruzko informazioa ematen du

-
J.A. Martín, M. Etxebarria, A. de la Cruz

Abanto Zierbenako Udalak sakonki berritu du webgunea. "Asmoa ez da diseinua bakarrik aldatzea, edukietan eta erabileran goitik beherako aldaketa egitea baizik” onartu du Maite Etxebarria alkateak. “Atari berri honetara iristeko, hainbat hilabetetan lan egin behar izan dugu. Horretarako, Udaleko talde profesionalen laguntza izan dugu, eta, beste alde batetik, kontuan hartu dira herritarrek galdeketa baten bidez helarazi dizkiguten ekarpenak”.

Webgune berriak erabilera argiagoa du orain, eta atal berri batzuk gaineratu zaizkio. Sarbide errazagoak jarri dira, informazioa errazago bilatzeko. Gainera, egutegi interaktibo bat ere gaineratu da, eta, bertan, kultura-agenda kontsulta daiteke.

Alderdi esanguratsuenetako bat da atal berri bat gaineratu dela. “Abanto Zierbena zuk egiten duzu” izeneko banner baten bidez sartu ahal izango da horra, eta Abanto Zabaltzen plataformarekin lotuko da. Informazio eta partaidetzarako gune espezifikoa da, hainbat ataletan banatutakoa, batez ere Gardentasuna eta Kalezaindu atalak.


Gardentasuna

Etxebarriaren ustez, “gardentasuna da Udal honetarako helbururik garrantzitsuenetako bat. Hurbiltasunez gobernatu nahi dugu, herritarrei Udalaren kudeaketaren berri emanez eta gero eta irekiago eta argiago izanez, jendearen zalantzei eta beharrizanei eraginkortasunez erantzuteko".

Atal horrek Udalaren kudeaketari buruzko aurkibidea jasotzen du, eta gaika antolatutako hurrenkeran kontsulta daiteke, besteak beste: korporazioari buruzko informazioa, herritarrekiko eta gizartearekiko harremanak, ekonomia eta finantza arloko gardentasuna, zerbitzuen kontratazioak, hirigintza, herri-lanak eta ingurumena eta Gardentasunaren Legearen adierazleak.

Informazio garrantzitsu hori guztia Nazioarteko Gardentasun (NG) irizpideei aplikatzen zaie. Aipatutakoa gobernuz kanpoko erakunde bat da, ustelkeriari aurre egitea xede duena eta gizarte zibila, sektore pribatua eta gobernuak elkartzen dituena. Tresna horren bidez, udalen kudeaketan dagoen gardentasun-maila neurtu eta herritarrei horren berri eman ahal izango zaie. “Orain, Abanto Zierbenan adierazle horien % 90ean dago" azpimarratu du alkateak.


Kalezaindu

Kalezaindu tresna berria da, eta herritarren lankidetza aprobetxatzea du xede, hain zuzen, udalerriko ondasunak eta zerbitzu publikoak hobeto mantentzeko. Kalezainduren bidez, edozein pertsonak eman ahal dio Udalari atzemandako edozein gorabeheraren berri: matxurak, apurketak, hondatuta dauden hiriko osagaiak eta abar. Informazio azkar horren bidez, lokalizatzeko eta konpontzeko denbora tarteak murriztu ahal izango dira, herritarren ongizatearen mesedetan.

Bi modutan erabil daiteke Kalezaindu: webgunetik edo aplikazioa mugikorrera deskargatuta. Azken batean, “Abanto poltsikoan eramateko” eta Udalaren eraginkortasuna hobetzeko modu bat da.

Atzera