2017/06/06

Enplegu eta Lehiakortasuneko Plan berria Abanto Zierbenarako

2012an, Abanto Zierbenako Udalak, krisi ekonomiko betean, Enplegu eta Lehiakortasuneko Plan bat abian jartzea erabaki zuen, egoeraren diagnostikoa egiteko eta egoera horri ahalik eta ondoena aurre egiteko. Plan hori berrikusteko ordua da, eguneratzekoa, hobetzekoa, eta hori bizilagunen eskutik egingo dugu.

2012an, Abanto Zierbenako Udalak, krisi ekonomiko betean, Enplegu eta Lehiakortasuneko Plan bat abian jartzea erabaki zuen, egoeraren diagnostikoa egiteko eta egoera horri ahalik eta ondoena aurre egiteko. Lehenengo enplegu eta lehiakortasuneko plan horri esker, enpresa-sarearen eta langabeen errealitatearen erradiografia bat egin zen, eta ikusi genuen langabezia-tasa handiegia eta kezkagarria zela. Proiektu horretatik abiatuta, lan-egitasmo bat sortu zen eta jarduera asko egin ziren enpleguaren eta ekintzailetzaren arloan Abanto Zierbenako bizilagunentzat.

"Plan hori berrikusteko ordua da, eguneratzekoa, hobetzekoa, eta hori bizilagunen eskutik egingo dugu. Ekainetik aurrera, parte hartzeko prozesu bat irekiko dugu, udalerriko bigarren enplegu eta lehiakortasuneko plana sortu ahal izateko. Oraingoan ere, egoeraren argazki bat aterako dugu, eta horren arabera jardungo dugu. Langabeek, enpresariek, gizarte-eragileek, ekintzaileek, Lanbideren ordezkariek eta Behargintzako ordezkariek parte hartuko dute enplegu eta lehiakortasuneko esparru berri hau eraikitzeko. Aurreko planean, funtsezkoa izan zen plana enplegua bultzatzeko neurrietara soilik ez bideratzea, eta enpresei kontratatzen laguntzea eta ekintzaileei beren helburua lortzen laguntzea; kasu honetan ere, lehiakortasunaren alde egingo dugu, baina berritasuna zera da: prozesua herritarren ideia guztietara irekita egongo da", azaldu du Abanto Zierbenako alkate Maite Etxebarriak.

Lau hilabete beharko dira lan egiteko. Prozesua ekainean hasiko da, abuztuan atseden hartuko du eta urrian amaituko da. Kanpo-aholkularitza jasoko da ikerketa gauzatzeko. Fondo Formación Euskadi enpresako proiektuen taldeak esperientzia zabala du lurralde-garapenerako eta eskualdeko eta nazioarteko lankidetzako enpresa-proiektuen arloko aholkularitzan. Hain zuzen, enpresa horrek emango dio laguntza teknikoa Tokiko Garapeneko Agentziari, azterketa egiteko.

"Argi dago Abanto Zierbenaren enpleguaren arloko argazkia aldatu egin dela urteen poderioz, eta gure estrategiak berregin behar ditugula; horregatik, hori egiteko bide ona da bilerak egitea gure tokiko sarea osatzen duten langabeekin, gizarte-eragileekin eta enpresariekin. Aurreko lan-egitasmoren harira, adibidez, Udalak udalerriko enpresak bisitatu zituen, eta alkate gisa, nik neuk egitea erabaki nuen, konfiantza-giroa sortzeko eta aurrez aurre jakiteko benetan zer gertatzen den gure enpresa-sarean, enpresek gure herritar langabeak kontratatzea erabaki zezaten bultzatzeko eta enplegua sortzea ekarriko zuten lankidetza-proiektuak garatzeko. Udala enpleguaren arloan egiten ari den lanari eta ahaleginari esker, 2016. urtea 110 langabe gutxiagorekin amaitu zen; datuok positiboak dira, baina askoz ere gehiago nahi dugu", adierazi du Etxebarriak.

Datuei begiratzen badiegu, 2016an, Abanto Lan programari esker, 37 herritarrek lana aurkitu zuten. Hirugarren urtez jarraian, Abanto Zierbenako enpresek 2016an diru-laguntzak eskatu ahal izan zituzten udalerriko langabeak kontratatzeko. Laguntza horien zenbatekoa 55.000 eurokoa izan zen. Abanto Enpresa programari esker, 2015ean hamalau kontratu egin ziren, eta horietako hamaika kontratu mugagabe bihurtu ziren gerora.

"Duela bost urte sortutako enplegu-plana eraginkorra izan da, datuek hala adierazten dute, baina orain ikuspegia zabaldu behar dugu, eta gure enplegu-politikak garai berri hauetara egokitu. Enplegu eta lehiakortasuneko plan berriak gure lan-apustu askori eutsiko die, baina jarduera berriak ere ekarriko ditu. Plan estrategikoa izango da eta 2020 arte egongo da indarrean; horri esker, Abanto Zierbenako ekonomia indartsuagoa izango da, irtenbideak, alternatibak eta proiektuak bilatuko direlako", esan du, amaitzeko, alkateak.


Atzera